◊ Asko da
Irakaskuntza 2013/10/10 Mikel Lakasta. Bigarren Hezkuntzako Irakaslea
Egun batzuk pasa dira Guardia Zibilaren La influencia de la izquierda abertzale en la enseñanza publica de la Comunidad Foral de Navarra, balizko txostenaren berria argitaratu zenetik. Tamalez herri honetan ohituta gaude gisa honetako erasoak pairatzera, baina kasu honetan torlojuari beste buelta bat eman zaio.
Aipatu txostenak dio ezker abertzalea Nafarroako hezkuntza sisteman “infiltratu” (sic) nahi duela eta hori frogatzen duten datuak era askotarikoak dira: senide edo lagunen bat kartzelan egotea eta hura bisitatu izana, kartzelan egon izana (berdin dio gero errugabe jo bazaituzte), halako hauteskunde batzuetan ezker abertzaleko zerrendetan joatea, LAB sindikatuarekin harremanak izatea...
Baina zer da hau? Inongo ahalegin berezirik egin behar izan gabe, eta guardia zibilaren txostenik gabe hori guk ere bagenekien, alegia, ezker abertzalea Nafarroako gizartean txertatuta dagoela, eta ez bakarrik D ereduko irakasleen artean, baita guraso, taxista, ileapaintzaile, mediku, igeltsero abokatu eta harakinen artean ere, eta hori frogatzeko ez ziren 1652 irakasle zelatatu behar.
Egunak pasa ahala, ordea, egungo Nafarroako gobernuko agintariek (zelatatutako irakasleen nagusiak) bere langileen eta bere eskuduntzapean dagoen hezkuntza sistemaren defentsan atera beharrean hauspoa eman diote neurri gabeko ergelkeria horri eta modu horretan espainiar talde ultraeskuindar erradikalenei bazka eman diete, telebista kate bateko saio baterako Iturrama ikastetxean adin txikikoak ezkutuan grabatzera iristeraino.
Jakin bagenekien, UPNko Nafar gobernua munduko beste inongo gobernurik ez bezala, bere hizkuntzaren kontra gobernatzen duen gobernu bakarra zela, baina oraingoan erakutsi digu ere bere langile eta hezkuntzaren kontra lotsagorritu eta disimulurik gabe aritzeko gai badela.
Ez dezatela, otoi, adoktrinamendurik aipatu, “dotrina” erlijio klaseetan ematen baita, eta nolakoa! Nafarroako gobernuak diruz lagundutako ikastetxe batzuetan. Badute zerekin hasi, has daitezela
Frankismoarekin lotutako Nafarroako ikastetxeen izenak aldatzen: Iruñeko Vazquez de Mella, Victor Pradera, Cardenal Ilundain, Corellako Jose Luis Arrese…
Gure hizkuntza, kultura eta herriaren aurkako erasoak errepikakorrak izanagatik ere, ez gaitezen ohitu horietara, horregatik... Abenduak 18an Antoniuttin elkar ikusiko dugu.










