twitter  BARRAIRAKASKUNTZA

 Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.
 

Ainara"Euskaraz bizi nahi dut" erabakia

Iritzi artikulua 2017/02/23  Ainara Oiz Ingeles irakaslea

Euskararen erabilera ezagutzaren azpitik dago, hau da dagoena. Badirudi azken boladan gazteengan igo dela ezagutza, eta deigarria egiten zait, hain zuzen ere haiek baitira bereziki erabileran kale egiten dutenak, nire irudikoz. Baina tira, nik nire ikuspegitik aztertu nahiko nuke afera; izan ere, aspalditxo hartu bainuen euskaraz bizitzeko hautua, eta oso serio gainera. Nik ez dut ezer gaztelaniaren aurka, berez nire ama hizkuntza da, niregan dago, eta bizi naizen lekuan, Nafarroan, Iruñerrian, pisu handia dauka gainera. Hala ere, euskarak gaztelaniak ematen ez didan beste zerbait ematen dit, hitzekin azaldu ezin dezakedana. Euskaraz eroso sentitzen naiz, natural, nire identitatea eraiki dut bere inguruan, nire izaeraren zati handia azaltzen du euskarak.
 
Askotan esaten da euskara altxorra dela, asko zaindu beharrekoa. Eta noski, bat nator horrekin, baina arriskua dakar horrek;  kotxea erosi eta apurtu ez dadin garajean erabili gabe manta baten azpian izango ez genukeen moduan, euskara erabiltzeko dago, kalera ateratzeko, harramaskak egiteko, eta tarteka kolpeak emateko ere bai, zergatik ez.

Euskaraz bizitzea erabakitzean hiru aspektu bereizten ditut nik nire bizitzan: batetik, nik neuk, pertsona bezala, hartutako hautua; nik eraikitako inguruan, bikotea eta lagunak esaterako, euskaldunak dira nagusi, sinpleki esanda, ezaugarri horrek beraiekin identifikatuta egotea sentiarazten baitit, hurbilago, eta orokorrean interes eta balore antzekoak baititugu, bizitzari leiho beretik begiratzen diogu. Bigarrenik, arlo profesionala dago; irakasle izan nahi nuela argi neukan, hizkuntza irakatsi nahi nuela ere bai, eta ingelesa atzerriko hizkuntza gisa izango zela irakasgaia ere; baina argi baino argiago neukan hori guztia inguru zehatz batean gertatu behar zela, eta hori euskarazko irakas-ereduan zen, D ereduan. Eta hala egin nuen, lanean euskaraz aritzeko hautua egin nuen. Hirugarrenik, nire ama izaera dago. Nire bikoteak eta biok argi genuen gure seme-alabek euskara izango zutela ama hizkuntza, ahalik eta atxikimendu gehien transmitituko geniela eta euskaraz nola bizi irakatsi ere. ERABAKI BAT, HORIXE DA EUSKARAZ BIZITZEA NIRETZAT.

Baina erabakia hartzea ez da nahikoa tamalez; errealitatearekin aurrez-aurre egiten dugu euskaldunok uneoro. Trabak, mugak, aurreiritziak … mugagabea da euskaraz bizitzea galarazten duten oztopoen zerrenda. Horregatik egiten du kale erabilerak, jende orok ez baitu borroka etengabe horretan aritzeko indar, gogo edo borondaterik; badirudi anbizio handiko bizi proiektua bilakatu dela nahi hori, eta hala den bitartean, euskara berez dagokiona baino txikiagoa izaten segituko du.  ERABAKI BAT DA EUSKARAZ BIZITZEA; horregatik, ahal eta nahi duzuen horiei, eta eraiki nahi dugun herriarekiko koherentziaz, konpromisoa hartzera animatzen zaituztet, izan ere nik ez baitut euskararik gabeko Euskal Herririk irudikatzen. Eskubide osoz eta zilegia zaigulako, konplexurik gabe erabili eta exijitu EUSKARA, gutxi izan arren BAGARELAKO, ETA IZANGO GARELAKO. ZUK ERABAKI, ZURE ESKU DAGO ETA.