twitter  BARRAIRAKASKUNTZA

 Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.
 

Imanol Urbieta 300x200

Ran Robe Ran

2016/09/30 | Miren Amuriza | Berria l

 

Hogei bat urte izango dira harrezkero, baina ez daukat ahazteko Ran robe ran mendira joan ginen arratsalde hartakoa. Bidean, baserri bitxi batean, akerra ikusi genuen baratzean jaten eta alboan betaurrekodun asto bat. Haiei begira gaudela, non entzuten ditugun oilarrak kukurruku, katuak miau-maiau... Eta kanta, kanta, kanta, kantari, aurrera segi genuen. Ran roberretik jaitsi eta belartzan oinez hasi; poltsikoan eskuak, oinak arrastaka, «luzea da bidea?» galdetuz. Tipi-tapa, tipi-tapa, ezustekoa hankapean; tximeleta mendian lore baten gainean! Orduan azaldu zenigun tximeletak erakartzeko uztaiak gora-gora altxatu behar direla, lurretik zerura; jira alde batera eta gero bestera. Bat-batean, non gerturatzen zaigun zaldi pintto bat trostan; «Mac Mikel badoa!» esan zenuen. Atzetik zihoakion Jon Braun, indio txiki bat zen Jon Braun.

Ni, orduko argazkietan, txiki-txiki-txikia ikusten naizenean, zurekin akordatzen naiz, Manolo. Non ote zabiltza? «Ibiltzen, ibiltzen ari naiz nire herriko bideetan. Zein ederrak diren mendiak! Hor nabil ametsetan...». Eta zer amesten duzu? «Txoria naizela, txoria naizela. Amets polit hura, amets polit hura gaur ere nahi nuke sinistu...». Bakarrik eta libre, bazoaz. Gauez argitzen zaizu bidea, argitzen zelaiak, zuhaitzak, mendiak... Hau ez dago ahazterik. Zuri esker, Manolo, bizitza kantu bat da guretzat.