Share
 ira 190215ikastolakprentsaurrekoa

Lan hitzarmen duina Nafarroako ikastoletan

Irakaskuntza 2019/02/15

Pasa zen abenduan EAEko Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin, LABek Lan Hitzarmena berritzeko akordioa sinatu zuen. Akordioa posible izan da, ikastolak mahaian eduki oso esanguratsuak jartzera bultzatu ditugulako, eta beraiek administrazioak jarritako baldintza eskasetatik haratago joateko borondatea eduki dutelako. LABentzat edukiak dira akordiorako oinarria edozein negoziazio mahaitan.
Baina era berean esan behar dugu LABen haserre gaudela Nafarroako ikastoletan NIEk negoziazioa blokeatuta duelako. Bizi dugun egoeraren aurrean gure kezka larria mahaigaineratu nahi dugu.
Nafarroan azken Lan Hitzarmena 2007an sinatu zen eta 2010etik luzatuta dago. Horrezkeroztik murrizketa gogorrak egon dira eta oraindik ez dira berreskuratu garai hartako soldatak.
EHIren jarrera oso ezberdina izaten ari da EAEko zein Nafarroako ikastoletan:
- Nafarroako kasuan jada hiru urte bete ditugu negoziazioan murgilduta akordioa lortu gabe. Negoziazioa udaberritik blokeatuta dago.
- EAEko ikastoletan momentu oro ulertu da soldata taulak sinatzea Lan Hitzarmenarekin batera egin behar zela, eta horren arabera gauzatu da negoziazioa.
- EAEn Eusko Jaurlaritzak soldata igoera aplikatu baino lehen, ikastoletan jada langile guztiei aplikatu zitzaien. Nafarroan, igoera urritik onartuta egon arren eta ikastola gehienetan kobratu bada ere, San Fermin, Paz de Ziganda, Zangoza eta Argia ikastoletan momentuz ez dozenteek eta irakasle ez itunduek ez dute atzerapenik jaso, langileen artean desberdintasunak eta haserrea sortuz.
- EAEko ikastolek hartueman ugari eduki dute administrazioarekin langileen lan baldintzen hobekuntzak finkatzeko. Nafarroako ikastolek antzeko biderik jorratu ote dutenaren inguruko berririk ez daukagu.
- Nafarroako ikastoletako negoziazio mahaian puntu asko adostu baditugu ere, blokeoak EAEko ikastoletan inongo arazorik sortu ez duen puntu batekin zerikusia dauka. Nafarroako ikastolek langileen soldaten gorabeherak langileekin negoziatu beharrean, administrazioaren esku utzi nahi dituzte, erabakigunea kanpoan jarriz. EAEko ikastoletako mahaian aldiz, argi egon da momentu oro, soldaten gorabeherak langileen ordezkariekin adostu behar direla, eta horrek ez duela inondik inora ere kolokan jartzen ikastolen bideragarritasuna. Nafarroan ere, ikastoletako langileak garen neurrian, gure harremanak eta baldintzak NIErekin adostu behar ditugu langileen ardura berea delako. NIEk administrazioaren aldetik finantzatutako soldatetan balizko murrizketa etorriz gero, automatikoki aplikatu nahi dute horretarako azken PPren lan erreformak emandako aukera probestuz. LABek aldiz, halako egoera baten aurrean, non eta ikastoletan, egoera ezinbestez langileekin adostu behar dela defendatzen du. EAEn ez zen egon inongo arazorik planteamentu sindikal orokor hau onartzeko. Nafarroan aldiz, Lan Hitzarmen berriaren sinaketa blokeatzen du.
Zergatik EHIk jarrera desberdina dauka EAEn eta Nafarroan? NIEri argi esan nahi diogu jarrera aldatu behar duela, negoziazioa desblokeatzea eta akordioa erdiestea bere esku dagoela. Adibide garbia dauka EAEko ikastoletan. LAB bere akordioa lortzearren hasierako planteamenduetatik dezente mugitu da malgutasuna eta borondatea erakutsiz, eta proposamen ugari jarri du mahai gainean egoera desblokeatzeko desio dugun akordioa lortu gabe.
Adostasuna lortu ezean, hemendik ikasturte amaierara langileei mobilizazio plangintza zabala proposatuko diegu. Ez dugu baztertzen lanuzteak eta greba deialdiak egoera ez bada desblokeatzen. Bederatzi urte daramagu Lan Hitzarmena berritu gabe eta langileen artean sortu diren soldata diferentziekin bukatu behar dugu.