Hay 3607 invitados y ningún miembro en línea

ADM indarkeria matxista

Lan-zentroetako indarkeria matxistaren aurrean benetako protokoloak aldarrikatuko ditugu enpresa eta administrazioetan

Administrazioa 2020/11/25

Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna da. LABek mobilizazioak egingo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste eskualde batzuetan, “indarkeria matxista identifikatu, salatu eta borrokatu!” lelopean:
–  Donostia: 11:00etan Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Andia, 13)
–  Bilbo: 11:00etan udaletxe aurrean
–  Iruñea: 12:00etan CENen aurrean
–  Gasteiz: 11:00etan Aldundiaren aurrean (Probintzia plazan)

Indarkeria matxistaren kontrako protokoloen garrantzia azpimarratuko du LABek aurten. Ildo horretan, enpresa eta administrazioei exijituko die protokolo espezifikoak eta eraginkorrak abian jartzeko.
Era berean, LABek bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 25ean, arratsaldez, hiri eta herrietan deitu dituen mobilizazioekin eta dei egiten die langileei euretan parte har dezaten.
Azken datuen arabera, indarkeria matxistak gora egin du hilabete hauetan. Bizi dugun salbuespenezko egoerak argi uzten du jendarte gisa sufritzen dugun askatasun-murrizketa, non argi eta garbi baiezta baitezakegu emakumeok pandemia honen ondorio zuzenenak pairatuko ditugula eta jasango ditugula. Gure bizitzaren prekarizazioa etengabea da eta egoera honetan intentsitate handiagoz gertatzen da.

Indarkeria matxista egiturazkoa da. Bizitzako esparru guztietan gertatzen da. Ez da eremu pertsonal edo pribatukoa, edo bi pertsonaren artekoa, ezta “gaixo” batzuen ekintza ere. Sistema patriarkalak emakumeok eta sexu-genero arauarekiko disidenteak garen pertsonak eduki nahi gaituzten mendeko lekuan mantentzeko duen moduetako bat da.
Beraz, lan-eremuan ere gertatzen da: ostalaritzan, lantegietan, udaletan, garbiketan, Eusko Jaurlaritzan, nekazaritzan, etxeko lanean, nagusien egoitzetan, supermerkatuetan, etxez etxeko laguntzan, edozein bulegotan, merkataritzan, garraioan, baita gure erakunde eta sindikatuetan ere. Guztion ardura da baliabide eta mekanismo guztiak martxan jartzea, horrelakorik gerta ez dadin. Baina, noski, erantzukizun guztiak ez dira berdinak. Lan- arloan, enpresari dagokio horrelako indarkeriak prebenitzeko eta, behin gertaturik, aurre egiteko eta erreparatzeko mekanismo horiek abian jartzea.

Enpresa bati horrelako protokoloa martxan jartzeko eskatzen diogunean, gure uste osotik eta erantzukizun kolektibotik ere egiten dugu. Horregatik, ez dugu indarkeria matxistarekin beste batzuek erabiltzen duten zerbait izango balitz bezala jokatzen, eta gure esparruetan horretatik libre egongo bagina bezala. Guk ere horrelako tresnak ditugu, gure erakundeak indarkeria matxistarik gabeko guneak izatea nahi dugulako.

Hori dela eta, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako protokoloek gure erakundeetan ere duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Indarkeria matxistaren aurrean ezer ez egiteak hura legitimatzea esan nahi duelako, horretaz ez hitz egiteak ez duelako desagerraraziko, eta uste dugulako, balio feministetan oinarritutako erakunde gisa, indarkeria matxistari aurre egin behar diogula. Gure apustua indarkeriaren erreparazioaren aldekoa da, ez- zigortzailea eta erantzukizun komunitarioan oinarritutakoa.
Ildo horretan, lantokiei exijitzen diegu protokolo espezifikoak eta eraginkorrak abian jartzeko. Eta salaketa bat dagoen bakoitzean aktibatzeko eta ikertzeko eskatzen dugu. Ez digu ezertarako balio protokoloak izateak gero aktibatzen ez badira. Eta hori guztia, gure erantzukizunetik eta eredutik exijitzen dugu. Indarkeria matxista borrokatu!

Etxeko langileak

Azken hilabeteetan, LABen antolatzen hasi diren etxeko langileak azaroaren 28an aterako dira kalera. Izan ere, langile hauek ez dute azaroaren 25ean mobilizatzeko aukerarik izango, asteazkena izanda, lanean egongo baitira. Hori dela-eta, indarkeria matxistak eurena bezalako sektore prekarioan dituen adierazpide zehatzak salatuko dituzte.

 

 

   

afiliatu

 

afiliatu

 

 

 LOGO CORREO WEB