Lanbide Heziketan euskaldunon eskubideak bermatzeko plan estrategikoa abian jartzeko beharra dago

Irakaskuntza 2020/07/02

2020-21 eko Lanbide Heziketa eskaintza ikusita, urtero bezala errepikatuko dugu Nafarroa Garaian Lanbide Heziketan euskarazko zikloak txertatzeko plan estrategiko bat beharrezkoa dela. Aitzinetik landu behar da eta hori faltan sumatzen dugu. Horretarako eskariaren azterketa zorrotz bat egin behar da, ez lan-arlokoa soilik, baita ikasleak duten hizkuntza-ereduarena ere.

Zoritxarrez, Nafarroa Garaian hiru hizkuntza-eremu bereizi behar dira, euskarazko zikloen eskaintza eta eskaria hobeki ulertzeko. Zonalde euskalduna, Iruñerria edo mistoa eta zonalde ez euskalduna. Azken zonalde honetan ez da euskaraz deus eskaintzen.

Eremu euskaldunean dauden LHko ikastetxeei dagokienez

Beran eta Baztanen ziklo guztiak euskaraz ematen dira. Altsasun berriz, zonalde euskalduna izanik ere, bederatzi zikloetatik, "D" ereduko ziklo bakarra ematen da. Iparraldeko eremu geografiko honetan, bere demografia dela eta, zikloetako matrikulazioa ez da inoiz betetzen eta ez da enoiz beteko. Gauza bera gertatzen zen zikloak gaztelaniaz ematen zirenean.

Bertze eremu bat, Iruñeko eta Iruñerria izango litzateke.Hemen Goi Mailako zikloetako eskaintza urria da. Lau ziklo eskaintzen dira eta izen-ematea lehen aukeran 25, 28, 111 eta 135 lagunekoa izan da. Horrek dagoen eskaintza nabarmen gainditu du. Ikasgela bakoitzean 20 pertsona eta 5 errepikatzaile egon badaitezke, horrek zera erran nahi du: erdia baino gehiago ikasketak euskaraz egin ezinik geldituko direla. Halaber, ez dakigu zenbat ikasle euskaldunek aukeratu duten gaztelaniaz Goi Mailako bertze ziklo batzuk, euskaraz ikasteko aukerarik ez dutelako.

Erdi-mailako zikloei dagokionez, hiru talde bereiz ditzakegu.

Lehenengoak 39 izen-emate ditu (Erizaintzeko Zainketa Lagungarriak) eta aise gainditzen du 20 pertsonako ratioa. Gaztelaniaz bezalako bi lerro ere egin litezke, baina gaztelaniaz eskaerak ere hagitz handiak dira.

Bigarren taldeak 4 ziklo ditu, lehen aukerako 10-14 inskripzio bitarte dituztenak eta matrikulazioa amaitzean ez da arazorik egongo gelak osatzeko, ratioa 20 ikaslekoa baita.

Hirugarren taldean, lehen aukeran 5 eta 6 izen-emate dituzten bi zikloak egongo lirateke.

 

2020-21 ikasturterako Nafarroako Hezkuntza Departamentuak lehenengo euskara zikloa jarri du Virgen del Camino Institutuan eta Mekanizazio Gradu Ertaineko zikloa izango da. Bertzaldetik Donapeako Institutuan, Ibilgailu Automobilen Elektromekanika Erdi Mailako zikloa ere arratsaldetik goizera aldatu dute. Bi mugimendu hauek aurrerapauso txiki bat izan dira, baina anitz dago egiteko. Ikasturte honetan Mekanizazio zikloak ez du arrakastarik eduki, baina berria denez eta jendartean kanpainarik egin ez denez etorkizunean ikusiko dugu ze nolako ibilbidea duen. Donapeako zikloa, berriz, goizetara pasa denez arrakastatsua izan da eta 5 ikasle izatetik 14 izen-ematera pasa da lehendabiziko bueltan. Beraz aise aterako da gela osoa betetzeko eskaria. Gure ustez, ziklo horretako bigarren kurtsoa hurrengo ikasturterako goizetara pasa beharko litzateke.

Iruñea-Iruñerrian euskarazko zikloak, gaztelaniazko hizkuntza-ereduko politeknikoetan txertatu behar direnez ikastetxeko zuzendaritza talde edo departamentu gehienak horren kontra paratzen edota paratuko dira, profil elebidunak ez indartzeak dakartzan arazoak agerian utziaz. Beraz, sindikatu euskaldun bezala lan egingo dugu, euskaldunei dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko.

Datuak honoko tauletan ikusgai daude:

descargas de archivos.orig PDF INFOadm 2020-21eko eskaintza, Nafarroa Garaian eta Iruñerrian


descargas de archivos.orig PDF INFOadm 2020 Lanbide Heziketako Izen Emate 1ko Aukeran IRUÑEA-IRUÑERRIA